Hendaian poliziaren presentzia itogarria da gauetan trantsitozko migranteen seka

Antxeta Irratia 2021ko ots. 25a, 00:00

"Etxeko lorategian, poliziak zuhaitzen artean lepazurretik atera ditu bi migrante gazte", azaldu du amorru handiz Antxeta Irratiko entzule batek Goizeko Kafea irratsaioan, barda bere etxe aitzinean bizitutakoa kontatuz. Hendaian polizia migranteen seka dabilela jakina bada ere, barda lorategi pribatu bateko zuhaitzen artetik arrastaka bi migrante lepazurretik nola atera zituzten kontatu digu gaur Antxeta Irratiko entzule batek. Bere etxeko lorategian ezkutatuak zeudela ohartu zen, etxe aitzinean poliziaren autoaren argiak ikusi zituenean. Ordu laurdenez agiriak begiratu eta migranteak galdezkatu ondotik, patruilan sartu eta eraman zituzten. Amorrua, inpotentzia eta pena handia adierazi du, bidasotar askok bezala, trantsitozko migranteei ematen zaien tratua ikusita.

Poliziaren presentzia itogarria Hendaian  

Joan den asteburuan, hain justu, herriko plazatik mugara manifestaldi jendetsua egin zuten hendaiarrek, mugen itxiera ez ezik, Hendaian poliziaren presentzia itogarri hori salatzeko. Avenida Zubiko hesia apurtu eta aurrera egin zuten protesta gisa.

Alerta terroristaren aitzakipean, Vigipirate Plana indarrean du frantses gobernuak. Eta pandemiarekin batera, Santiago eta Pausuko zubien itxierarekin mugak 24 orenez kontrolatuak direnez geroztik, migranteek gorriak ikusten dituzte euren bidaia jarraitzeko.

Baina asteazken honetan 21:00ak aldera, lekukoak izan dituen migranteen atxikitze honekin bezala frogatzen denez, ez da dena mugaren oztopoa gainditzea. 

Erlazionatuak