Irungo EAJk Udalak 2021ean dituen baliabide ekonomiko guztiak dirulaguntzetara bideratzeko aktibatzea exijitzen du

Antxeta Irratia 2021ko ots. 19a, 00:00

Martxoaren 9an ospatuko dute Irunen 2021eko udal aurrekontuen plenoa. Egunotan oposizioko udal taldeek euren emendakinak aurkezten hasiko dira. Eta negoziaketa egunak izango dira. Bere asmoak aurkezten lehendabizikoa, aldiz, EAJ udal taldea izan da. Udalak dituen baliabide ekonomiko guztiak, "gastu, inbertsio eta defizit gaitasun osoa barne" pandemiaren ondorioz hunkituenak diren pertsonen eta sektore ekonomikoen premiak paliatzera bideratu nahi ditu.

Udal Gobernuak iragarritako "inoizko aurrekonturik sozialenak" hobetu daitezkeela diote jeltzaleek. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak defizitan sartzeko normatibak malgutu dituelarik, Udal Gobernuak ez du aukera hori guztiz aprobetxatu jeltzaleen arabera. Esandakoa baino 2,9 milioi euro gehiago dituela gastatu ahal izateko, eta beraz, baliabide guztiak laguntzak eman eta hiriari bultzada baten emateko aktibatzea exijituko diote udal aurrekontuen negoziaketetan. 

EAJk 63 proposamen aurkeztuko ditu. Haien artean, gobernuak Irun Aurrera planerako bideratu nahi dituen 270.000 euroei 750.000 euro gehituz, gizarte zerbitzuetan 400.000 euro gehiago, edota post-Covid hiria prestatzen joateko ere, 1,3 milioi euroko inbertsioak.

Xabier Iridoy EAJko bozeramalearekin hitzegin dugu.