Higertoki enpresak Zaldunbordan eragindako luiziak Zokueta erreka kutsatu eta bere horretan darama 14 hilabete ondoren

Antxeta Irratia 2021ko ots. 11a, 00:00

Zaldunborda Gainan, Higertoki enpresak abiatuak zituen Hondarribia Village makro-outletaren eraikuntzarako prestaketa lanetan, hainbat lur eta hondakin mugimendu egin zituen 2019an zehar. Haiekin muino bat egin zuen eta urte hartako abenduan Abotsanitzek salatu zuen luizi baten ondorioz, erreka kutsatu egin zen. Orduz geroztik, oposizioak Zaldunbordako zabortegian izandako luizia ezkutatu izana leporatu dio Udalari.

Ura Agentziaren aginduz lur eremu horren zigilatze lanak burutzera behartua da enpresa. Baina Hirigintza Plan Orokorra gelditzearekin batera, Zaldunbordako Plan Partziala ere bertan behera geratu denez geroztik, ez da makinarik han lanean.

Abotsanitz kezkatuta agertu da, Udalak lan horiek egiteko emana zuen baimena aspaldi iraungi delako. Eta Ura Agentziak, aldiz, egoera zuzentzeko eskatu badu ere, 14 hilabete eta gero denak berdin jarraitzen du. Zokueta errekaren kutsadura eta bere ur emarian norainoko ondorioak izan dituen ere aztertu beharko litzake Abotsanitzen ustetan.