Hirune Hernanez, Gizarte Zerbitzuetako prebentziorako teknikariak esplikatu digunez, 2019-2023 urtealdirako adikizioen plan berriak, sustantziarik gabeko menpekotasunak aintzat hartzen ditu. Menpekotasun motak gizartearekin batera garatzen doaztelako.
Hala beraz, 200 telefono dei inkesta egingo dituzte, irundarren joku apostu ohiturak eta ludopatien lehen diagnostiko bat osatzeko. Baina ebidentziak ere bildu nahi dituzte, eta horretarako, eztabaida taldeak sortuko dituzte profil zehatz hauekin: ohiko jokalariak, jokalarien senideak, ludopatiei arreta ematen dieten osasungintzako profesionalak, sendatutako jokalarien elkarteak eta joko-establezimenduetako langileak.
Dena dela, adikzio plan berriak ohiko drogomenpekotasunak ere lantzen ditu noski. Eskoletan prebentzio lana eginez, eta kale-hezitzaileen bitartez ere. 2011ako aurreko planetik berri honetara, kontsumoak eta ohiturak ere aldatu egin dira. Eta datu harrigarriak ditu Udalak. Azken inkesten arabera, 12 eta 16 urte arteko irundarren %5ak aitortzen baitzuen kokaina noizpait probatu izana, eta %20tik gora zen, azken hiruhilekoan kalamua kontsumitu zuena.
Aldiz, droga legalak dira gehien kontsumitzen direnak. Irungo gazteen artean alkoholaren kontsumo azkarra da une hontan problematika nagusia. Kontsumo ohiturak aldatu direlako, graduazio altuko edariak, asteburuetan eta epe laburrean, modu konpultsiboan kontsumo handiak eginez. Pandemia garaian ere, botiloiak izan dira eguneroko eztabaida.