Neguak ez du trantsitozko migranteen etorrera gelditu Irunen

Antxeta Irratia 2021ko urt. 12a, 00:00

Harrera Sareak emandako datuen arabera, 195 migrante heldu izan ziren Irunera abenduan. Horietatik 168 gizon, 18 emakume eta 5 ume. Udazken hasieran emakume anitz izan ziren seme-alaba txikiekin iritsitakoak, aldiz, orain gehienak mutil gazteak dira Kanariar Irletatik eratorriak.

Neguaren hotzak ez ditu Gurutze Gorriak Arretxe-Gainako aterpetxean migranteak onartzeko irizpideak malgutzen. Eta gehienek aterpea lortzen badute ere, abenduan hiru migrante kale gorrian utzi zituzten kriterioak ez betetzeagatik. Hau da, Espainiar Estatuan urte bat baino gehiago daramatelako, edota dublinatuak direlako, hau da, frantses Estatuan sartzen saiatu eta itzuliak izan direlako.

Eta hori ez da egunotako hotzaldiagatik ere aldatu. Joan den ostiralean migrante bat kalean utzi baitzuten Harrera Sareko gau txori zerbitzuko bolondresen aurrean.

Joan den asteburuan iritsitako dozena bat migranteekin batera, 30 bat lagunek egin deute lo Gurutze Gorriaren dispositiboan. Baina, halere, eguna kalean eman behar dute berdin. Eta gehienek euren bidea jarraitu nahi dutelarik, egunotan hotzari aurregiteko gizonezko S, M eta L tamainatako berokiak edo txamarrak eskatu ditu Harrera Sareak. Urtarrilaren 14an atsaldeko 17:00etatik 19:00etara eta urtarrilaren 16an goizez, 10:00etatik 13:00era jasoko dituzte Irungo Kale Nagusiko 14. zenbakian.