Hondarribiko udal aurrekontuek "ez dute bihotzik" Abotsanitzen aburuz

Antxeta Irratia 2020ko abe. 18a, 00:00

EAJren gobernu taldeak ez du gainontzeko alderdien proposamen bakar bat negoziatu nahi izan, udal aurrekontuen plenoan. Eta Txomin Sagarzazu alkateak aditzera eman duenez, oposizioko hiru udal talde politikoek aurkeztutako 127 proposamenak atzera bota izana, azaroaren 25ean udal gobernuaren "jarrera politikoa" eta "ekimen falta" salatzeko agerraldiaren ondorio izan da.

Oposizioko taldeak zigortzearekin batera, hondarribiarren ia erdia zigortu dituela oroitarazi du Igor Enparan, Abotsanitzeko bozeramaleak. Hala beraz, Udal Gobernuak aurkeztutako 2021eko udal aurrekontu proiektua bere horretan onartu zen atzo, 24,6 milioi eurokoa, aurtengoa baino %10 gehiago. Eta EAJk duen gehiengo absolutoa baliatuz. Oposizioko udal talde nagusia den Abotsanitzeko bozeramaleak argi utzi du Antxeta Irratian, kritika demokratikoa egiteagatik zigortu dituztela. Baina hondarribiarren erdia dela udal gobernuak zigortzen dituena. Halere, azken asteetako bileretan jeltzaleek agertutako jarrera ikusita, atzoko udalbatzan gertatutakoa espero zitekeela.


Erlazionatuak