ELA sindikatuak beste bi greba egun deitu ditu abenduaren 10ean eta 11n Gipuzkoako adinekoen egoitzetan

Antxeta Irratia 2020ko abe. 1a, 00:00

Hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzen saiatzea da helburua. Oroitarazi beharra dago pandemiaren erdian, udal zahar egoitzak zirenak ere aldundiaren menpeko KABIA egituran barneratu zirela. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta sektoreko patronalek hamar urte daramatzatela erresidentzietako lan hitzarmena blokeatuta. Datozen bi greba egun horiekin, 246 greba egun egin dira azken bi urteetan hitzarmen duin baten alde. Baina aldundiak ez du negoziatzeko betarik eman.

ELA sindikatuko Xabier Udabek argi utzi zuen iada, urriaren 6an egindako greban, arazoa estrukturala dela, erresidentzien azpikontrata eta pribatizazio ereduan dagoela.

Pandemiaren bigarren olde honetan 83 egoiliar zendu dira COVIDarekin Gipuzkoako egoitzetan. Eta ELAk salatu du sektoreko langileek jasaten duten egoera, eta azpimarratu du langileek beldurrez lan egiten dutela, eta agintarien inmobilismoak arriskuan jarri dituela beren osasuna, familiena eta egoiliarrena ere.

Joan den astean, KABIA egituran murgildu den Irungo Ama Xantalen erresidentziako langile batekin hitzegin genuen, pandemiak suposatu duenaz. Gorriak ikusi dituzte, egoiliarren artean positibo bakar bat ere eman ez bada ere. Langile honek argi du, erresidentzien eta adineko pertsonen zaintza eredua aldatu beharra dagoela.

Langile eta sindikatuek argi utzi dute premiazkoa dela hitzarmena berritzea, lan baldintzak hobetuz, lan kargak jaitsiz eta ratioak hobetuz. Eta horregatik, abenduaren 10ean eta 11n greba egunak deitu dituzte berriz ere.