Artiako Lagunak Taldeak Irungo hiriguneko zuhaitzak urte luzetan izandako utzikeriaren ondorioz, baldintza negargarrietan aurkitzen direla salatu du azken hilabeteetan. Joan den abenduko haizeteen ondorioz, hain justu, Thalamas Labandibar kale-errepide ondoko ezpondan dauden ezkiak salbatzeko kanpaina abiatu zuten. Haizeak botatako 15 metroko bi zuhaitzen ondorioz, Udalak 50 urteko ezkien hilara osoa kendu nahi baitzuen. Baina zuhaitz bakoitza aztertu, eta hauek kimatzea, zaintzea eta sendotzea onartu du Udalak azkenik.
Alazne Izulain, Artiako Lagunak auzo plataformako kideak esplikatu digunez, legea betetzetik urrun dago Irun. Duela bi aste Antxeta Irratian salatu zutenez, Behobiako Mendipe bezalako etxebizitza promozio berrietan ere, ez baitu Udalak Euskal Autonomi Elkarteko Hirigintzako Estandarrei buruzko Dekretua betetzen. Berez, zuhaitz bana landatu edo iraunarazi behar baita etxebizitza berri bakoitzeko edo ehun metroko eraikuntzako. Baina dagoeneko hirigunean dauden 14.000 zuhaitzetatik asko ere, baldintza txarretan eta behar bezala zaindu gabe daude.
Artian, Thalamas Labandibarreko ezpondan Udalak kendu nahi zituen 50 urteko ezkien lerroa salbatzeko borrokarekin hasi ziren lanean. Baina behin hauek bere horretan sendotzea lortu eta gero, auzoz-auzoko zuhaitzen erregistro bat ere eskatu diote Udalari.
Udazken bete-betean sartuak gaudela, Irunen hiriguneko zuhaitzen kimaketa kanpaina abian jarri dute aste honetan, Anaka-Puianatik hasita, eta martxoan bukatuko dute Meakan. Aurten, aldiz, zenbait aldaketarekin dator kanpaina. Izan ere, hirigunean identifikatuak dituzten 2.000 zuhaitz inguruk, zaintza berezia behar dute. Hortaz, lorazaintza zein berdeguneen kudeaketaz aparteko kontratu bat egin du Udalak zuhaitzetan berezitutako profesionalekin. Kimaketa kanpainak ez ezik, zuhaitzen azterketak, gaixorik daudenak kendu eta berriak landatuz ordezkatzea, eta bestelako lanak ere kontuan hartzen ditu kontratu berriak.
Zuhaitz gutxi biztanleko
Irungo hirigunean 14.000 zuhaitz inguru daudela eta kopuru handia dela nabarmendu du Jon Ugarte zinegotzi sozialistak. Halere, hirian 27.700 etxebizitza inguru eta 63.000 biztanle daudela kontuan hartuta, ez da aparteko ratioa.
Hondarribian ere, zuhaitz/biztanle ratioa ez da hobeagoa. Udalerrian 8.200 bat etxebizitza daude Eustat-en 2019ko datuen arabera, eta Udalak urrian hasitako udazkeneko kimaketa kanpainan aditzera eman zuenez, hirigunean 4.000 zuhaitz eskax daude gaur egun.