Lau dira jada kale gorrian lo egitera behartutako migranteak Irunen

Antxeta Irratia 2020ko aza. 17a, 00:00

Goiz hontan, zazpi migrante bildu dira Irungo San Juan plazako Harrera Sarearen informazio puntuan, gabonetako argiak eta apaingarriak instalatzen zituzten bitartean. Anartean, frantses Estatuan alerta terrorista indarrean den honetan, Hendaiako eta Pausuko mugak erabat itxiak dituzte migranteek. Frantses poliziak 24 ordutan ezarritako kontrolak ezin dituztelako inolaz ere gainditu. Baina migranteek pasatzerik ez dutelarik ere, Irunen Gurutze Gorriak aterpe hartzea galarazten diela salatu zuen joan den ostiralean Harrera Sareak. Arretxegainako aterpetxearen sarreran bertan kanpin dendak ezarri zituzten migranteek hor lo egin zezaten. Eta lau dira dagoeneko egoera horretan. Barruan 15 bat dira onartuak izan direnak, baina beste 35 ohe libre daude.

Gogoratu beharra dago Hego Euskal Herrian gaueko 22:00etako etxeratze agindua indarrean dagoela, baina poliziak ez ikusiarena egiten du migrante hauekin, eta ez die aterpetuta lo egiteko alternatibarik eskaintzen.

Hala eta guztiz ere, eta Irungo Udalaren eskumena ez bada ere, Cristina Laborda zinegotzia Harrera Sareko kideekin bildu da goiz hontan egoera aztertzeko. Eta Udalak konpromisoa hartu du, egoera ikusita, Eusko Jaurlaritza, Espainiar Gobernua eta Gurutze Gorriarekin harremanetan jarri, eta migranteei aterpetxean onartzeko baldintzak malgutu ditzatela eskatzeko. Izan ere, une hontan 50 ohe eskaintzen dituen Arretxegainako aterpetxeak, 15 migrante baizik ez ditu aterpetzen.

Harrera Sareko ordezkariekin hitzegin dugu San Juan plazan, goiz hontako bilkuratik atera bezain pronto


Erlazionatuak