Arretxegainako aterpetxearen parean akanpatu du Irungo Harrera Sareak

Antxeta Irratia 2020ko aza. 16a, 00:00

Frantses Estatuan alerta terrorista indarrean den honetan, Hendaiako eta Pausuko mugak erabat itxiak dituzte migranteek. Frantses poliziak 24 ordutan ezarritako kontrolak ezin dituzte inolaz ere gainditu. Baina migranteek pasatzerik ez dutelarik ere, Irunen Gurutze Gorriak aterpe hartzea galarazten diela salatu du Harrera Sareak. Joan den ostiral iluntzean, Arretxegainako aterpetxearen sarreran bertan bi kanpin denda ezarri zituzten migranteek hor lo egin zezaten.

Hegoaldean etxeratze agindua gaueko 22:00etan indarrean bada ere, migranteak kale gorrian lo egitera behartuak direla salatu dute. Gurutze Gorriak baldintza zorrotzak ezartzen dituelako aterpetxean sartzeko.

Harrera Sareko kideekin mintzatu zen ostiraleko ekintza hortan Koldo Nausia lankidea. Eta erran ziotenez, frantses estatura sartu eta kanporatuak izan diren dublinatuak ez dituzte berriz onartzen, ezta espainiar Estatuan sei hilabete baino gehiago daramatzatenak ere.

Datozen egunetan, gainezka dagoen Kanariar Irletatik Euskal Herrira 500 migrante bideratuko dituztenez, egoera honekin kezkaturik agertu da Harrera Sarea.

Bertako Josunek esplikatu digunez, iada ostegunean bi emakume gaztek San Juan plazako bankuetan lo egin behar izan zuten.   

Erlazionatuak