Oiasso Erromatar Museoak antolatzen duen FICAB zinemaldia, aurrez-aurrekoan ospatu ahalko da Amaia Kultur Zentroan

Antxeta Irratia 2020ko aza. 12a, 00:00

Udalaren sustengu guztiarekin azaroaren 16tik 21era bitarte ospatuko da aurtengo edizioa. 300 ikusletara mugatuta, eta sarrera-gonbidapenak aldez aurretik online (www.irun.eus/sarrerak) eta zenbakituak eskuratuta bermatuko dute, Bidasoaldeko herritarrek zinemaldiko 25 film dokumentalak aretoan bertan ikusteko aukera. Gainerako guztientzat ficab.org atarian ikusi ahal izango dituzte zinemaldiaren egunetan.

Aurtengo edizioa berezi dela nabarmendu dute antolatzaileek. Bi hamarkadaotan 15.000 ikusle, eta 53 herrialdeetako 400 filme proiektatu ondotik, pandemia bete-betean harrapatu baitie urtemuga. Halere, "atzera egin baino, egoerari aurre egin eta kosta ala kosta segitzeko" momentua dela azpimarratu du Aizpea Goenaga zuzendariak. Eta egunotan sekulan baino garrantzitsuagoa dela, jendeari etxetik atera eta halako zinemaldi batetaz gozatzeko aukera eskaintzea.

Hala eta guztiz ere, aurtengo festibala antolatzea bizi dugun garai eroen lekukoa izan dela aitortu dute.

20 urteotan bidelagun anitz izan ditu festibalak. Azken urteetan, Donostiako Aquariumean itsas-ondareari buruzko filmak proiektatzearekin aurrera egin dute aurten ere. Baita Orono Fundazioaren eskutik Hezkuntza Atalari lotutako eskolartekoei emanaldiak ere. Aurten online eta eskoletan lantzeko material pedagogiko gehigarriarekin.

Aurten, aldiz, ONCE erakundean aliatu berri bat gehitu zaie. Ikusmen urritasuna duten pertsonei, zinemaldiaz gozatzeko aukera emateko aplikazio berritzaile bat abian jarriz.

Errealitate birtuala ere izango da aurtengo nobedadeen artean. Eta goi mailako filmak eta epaimahaiarekin batera, azaroaren 16ko irekiera eta 21eko itxiera ekitaldiak ere bereziak izango direla esplikatu digu Goenagak.