Egin gabeko egitasmoen metaketa leporatzen dio oposizioak Txomin Sagarzazuren taldeari

Antxeta Irratia 2020ko urr. 6a, 00:00

Abotsanitzek jakinarazi duenez, Hondarribiko Udalak gaur egun altxortegian dituen ia 50 milioi euroko aurrezkiak, aurreikusi eta gerora gauzatzen ez dituen proiektuen bizkarrera bildu du. Espainiako Estatuko 8.200 udalerrietatik egoera ekonomiko saneatuena duen Udala da Hondarribikoa, bi urte eta erdi diru sarrerarik gabe pasatzeko altxortegia baitu. Baina urtez-urte zintzilik uzten dituzten proiektuen ondorioz dela salatu du Abotsanitzek. Horren irudiko, 2017az geroztik berritzeko dagoen Saindua gaztelekua.

Proiektu berbera aurrera eramateko diru partidak onartu diu Udal Gobernu jeltzaleak azken hiru urteetan. Eta horren ondorioz, dagoeneko milioi 410.000 euro bideratu dira Saindua gaztelekua berritzera. Baina oraindik ere, ez da deus martxan jarri.

Abotsanitzek gazteenganako interes falta leporatu dio Udal Gobernuari. Eta beste behin ere, egingo ez diren proiektuetarako diru publikoa aurreikusi izanak, gero altxortegian biltzeko, kudeaketa txarraren eredutzat jo du.

Gainera Sainduakoa ez da adibide bakarra Abotsanitzen arabera. Datozen asteetan, egin zorretan diren proiektuen berri emango du oposizioko talde nagusiak. Eta horien artean aurkitzen da ere, Zezen plaza eta Alde Zaharra lotzen dituen San Nikolas zubia. 2017an teknikariek egituran ahuldade larriak antzeman zituzten. Udalaren arabera burnizko egitura osoa erdolidua dagoenez aldatu beharra zegoela iragarri zuten orduan. Eta 2019 eta 2020 urteetako aurrekontuan 370.000 euroko diru partida berbera onartu zuten. Orain artean erabili ez dena.