Irunen ia erabatekoa izan da hezkuntzako grebaren jarraipena, aldiz, Hondarribian normaltasun osoa

Antxeta Irratia 2020ko ira. 15a, 00:00

Herriko 2.200 haur eskolatuek astelehenean abiatu dute ikasturtea, eta irakasleek grebaren aldarrikapenekin bat egiten duten arren, Hondarribian bigarren klase egunarekin aurrera jarraitzea erabaki dute. Irunen, bien bitartean, 8.000 ikasle ingururi eragin die grebak, bereziki, Txingudi Ikastola, Dunboa eta Toki Alai ikastetxeetan.

Hezkuntza arloan greba eguna deitua dute gaur Euskal Autonomi Erkidegoan, eta beraz, Irun eta Hondarribian. Baina greba mugimenduak berak eragin duen eztabaidaren irudiko izango da honen jarraipena gure eskualdean. Irunen, hezkuntza zentro gehienetan grebara joko duten bitartean, Hondarribian, ikasturtea atzo hasi zutela ez Talaiak ezta Egiluzen ere, ez dute greba egingo. Irakasleek aldarrikapenekin bat egiten dutela argi utzi dute, baina ez direla baldintza egokiak ikasturtearen bigarren egunean greba egiteko.

Pandemiaren eraginez, gutxieneko zerbitzu handiagoak jarri dituzte hezkuntzako grebarako. Garbiketan, %100eko gutxieneko zerbitzuak jarri baitituzte, eta sindikatuak aztertzen ari dira auzitara jotzea.

Kontuan hartu beharbaita, ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek hezkuntzan itzulera «segurua eta adostua» eskatzeko deitutako greba deialdiarekin bat egin dutela, hezkuntza arloko azpikontratek ere; garbiketa zerbitzuari, jantokiei eta garraioari eragiten dielarik.

Hondarribian ez bezala, Irunen, hezkuntza zentrorik handienean, Txingudi Ikastolan irakasleen %60ak greba egingo du, Hezkuntzako Laguntzaile Espezialisten %85ak eta jangelako begiraleen %98ak greba egingo du ere. Autobus garraio zerbitzurik ez, %100a greban delako, eta patio edo jolas garaiko zaintzako zerbitzuko begiraleen %80ak greba egingo du ere.

Halako baldintzetan, zerbitzu minimoak segurtatuko dituzte, baina ohartarazi dute, ez dela egun lektibo normala izango, eta gurasoei ohartarazi diete, ezingo dituztela ikasturte hasieratik ezarritako ikasgela talde burbuila isolatuak bermatu.

Txingudi Ikastolan kexu dira, irakasle postuez gain, oinarrizko materialak ere berandu edo ez dituztelako aski jaso. Derrigorrezkoak diren termometroak ere ez zituen Eusko Jaurlaritzak bermatu ikasturte hastapenean. Hezkuntza Sailak, batezbestean, termometro bat 400 ikasleko banatu baititu eskoletan.

Baina irakasle postuetaz gain, ikasturte hasiera seguru bat bermatzeko oinarrizko baliabiderik eskuratu ez dituzten zentroez gain, ikasle ratioak 25 gelaka, edota haurren artean gorde beharreko distantzia minimoa ere segurtatzeko aukerarik ez dutenak badira. Eskola txikia, ikasgela txikiak, ikasleak beren mahaietan geldirik egotera edota arbela kondenatzera ere iritsi dira, adibidez, Irungo Siutz-Toki Alai ikastetxean.

Ikasgeletan antxuak kontserbatan bezala, baina hezkuntza zentroa orohar tamaina hortan ere, ikasturte honetan protokoloak bete ezinik, osasuna ezbaian, eta haurrak beren gelako mahai eta eserlekutik egun osoan mugitu ezinik zigortuak daudela ere salatu dute.

Irungo Udalak bere udal instalazioak hezkuntza zentroen eskura jarri ditu. Baina Irungo 8.000 ikasleek ikasturtea behin hasita, nekez berrantolatu daiteke, antolatua ez dagoena.