Egunero 15 bat migrante jasotzen ari da Harrera Sarea Irunen

Antxeta Irratia 2020ko ira. 8a, 00:00

Pandemia aurretik ez bezala, Hendaiako muga lehenbailehen zeharkatzeko presa agertzen dute migranteek, muga berriz itxiko ote dutenaren beldur. Behar atsedenik hartu gabe, gehienek gau bakarra igarotzen dute Irungo aterpetxean.

Eta irailak 8 hontan, Hondarribian bezala, Irungo hainbat udal zerbitzu jai hartu duten bitartean, Harrera Sareak ez du atsedenik hartzen. Atzo gauean 12 migrante jaso zituzten gautxori lantaldekoek. Eta Alarma Egoera utzi genuenetik, uztaila eta abuztuan zehar Iruna heldu izan diren 1.000 migrante inguru lagundu ondotik, irailan kopuru handietan ez, baina etengabea da migranteen etorrera.

Josune, Harrera Sareko kidearekin mintzatu gara, eta esplikatu digunez, une hontan, Gurutze Gorriak kudeatzen duen Arretxe-Gainako aterpetxean 30 bat plaza baizik ez daude aukeran migranteak jasotzeko. Baina gutxi izan arren, ez da betetzen ari. Egunero 15 lagun inguru heltzen badira ere, gehienez gau bakarra igarotzen dutelako. Dirudienez, gehienak konfinamendua Ceutan eta Kanariar Irletan pasa ondotik, beldur dira Frantziako Estatuak ez ote dituen mugak berriz itxiko. Eta presaz heldu dira Irun eta Hendaia arteo muga zeharkatzeko premiaz.