Pertsonen jarioak ez du etenik, eta elkartasunak ere ez

Antxeta Irratia 2020ko eka. 12a, 00:00

Martxoan konfinamendu osoa ezarri zutenean, gainerako herritar guziak bezala, trantsitoan ziren migranteek ere agindua betetzera behartuak izan ziren. Irunen, Ospitale Zaharreko ZUBIA zentroan eta herriko etxeak salbuespen gisa aktibatu behar izan zuen Martindozenea aterpetxean ere, orotara 50 lagun inguru ziren eskualdean une hartan. EMAUS erakundeko gizarte langileen esku egon dira konfinaturik.

Baina orduz geroztik, asko aldatu dira gauzak, eta Europako beste herrialdeetarako bidean diren migranteak tantaka heltzen hasiak dira berriz ere eskualdera. Deseskalatze faseetan agindutako mugitzeko debekuen eta oztopo guzien gainetik, laguntza beharretan diren dozena erdi migrante iritsi ziren joan den astean, eta mugak ireki bitartean pilaketak eman daitezkeela ikusirik, Irungo HARRERA SAREA martxan jarri da berriz ere. Atzo, asteazkenarekin, Irungo San Juan plazako harrera puntuko permanentziak berrabiatu zituztelarik.

Ekainaren bigarren hamabostaldian migrante anitz Irunen bilduko direla aurreikusten dute beraz, Espainiako Alarma Egoera bukatu eta autonomi erkidegoen arteko desplazamenduak baimendu, eta Irun eta Hendaia arteko muga berriz ere zabaldu bitartean. Eta une hontan, berez, 100 ohe ditu Irunek Arretxe-Gainako aterpetxean, baina COVID protokoloen aginduz, 40 bat baino ezin dituzte aterpetu, distantziamendu neurriak segurtatzeko. Beraz, agintariek alternatibak bilatu beharko dituzte. 

Harrera Sareko Ion Arangurenekin hitz egin dugu.