Osagarri mailan zein ekonomikoan, biktima anitz bildu ditu koronabirusaren krisiak. Baina ekonomia emeki-emeki berrabiatzen den bitartean, kulturaren sektorea da oraindik tunelaren bukaerako argi ikusten ez duena. Hondarribian, urte osoan zehar, baina udan bereziki, ikusmin handia pizten duten kultur hitzorduak bisitarientzako erreklamu izan dira azken urteetan. Baina dena geldirik dela ohartatuta, Abotsanitz herri batzarra, herriko kultur eragileekin batera lanean jarri da, ahal den neurrian, kultur agenda berraktibatu eta herria biziberritzeko xedez.
Lehen proposamen gisa, aurten maiatzean ospatzekoa zen abesbatzen Herri Kanta Jaialdia abuztuan antolatzea pentsatu dute. Herri Kanta 3.0 izango litzake, hiru eszenatokietan, Alde Zaharreko Gipuzkoa plaza, Arma plaza eta Kasino Zaharrean banatuta, jende pilaketak sahiesteko. Osasun agintariek zehaztutako osagarri eta prebentzio neurri guztiak bermatuko lituzkete kultur hitzordu guzietan. Serioski hartu dute baldintza hori.
Jendea kontzertu eta jaialdietan pilatu beharrean, jaialdi ibiltariak proposatzen dituzte, herrian zehar jende ezberdinarengana helduko zirenak. Zinema matinalak ere eskaintzea, edota herriko parkeetan haur eta familientzako zirku emanaldi txikiak antolatzea. Herriko artisten artelanen kaleko erakusketak, edota herrian zehar eta pilatu gabe altxorraren bila moduko jarduerak gazteentzat.