Euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan

Antxeta Irratia 2020ko mai. 28a, 00:00

Hori da, aurtengo Euskaraldiaren leloa. Bigarren edizio hau berezia da, bizi dugun pandemiaren egoerak baldintzaturik. Halere, herriz-herri, tokian tokitik, norbere etxetik hasi eta ahal den neurrian euskarari bultzada emateko deia luzatu dute Hondarribian ere.

Herriko Batzordea ekainaren 1ean osatuko dute, eta oraindik ere lehen bilera telematikoa beharko du izan. Baina Euskaraldiari herrian forma emateko eta beharrak zein lehentasunak finkatzeko balio izango du. Eta horregatik, herriko euskalgintzako eragile publiko eta pribatu, zein norbanakoeri deialdia luzatu diete parte har dezaten. Interesa duen orok hondarribia@euskaraldia.eus helbidera idatzi edo labur.eus/herribatzordea sakatuz egin dezake errexki.

Euskaraldiaren lehenbiziko edizioan belarriprest eta ahobizi figurak sortu eta oihartzun handia izan zuten bitartean. Bigarren edizio huntako dinamikan, Ariguneak izango dira giltzarri.

Aritz Enparan, Hondarribiko Euskaraldiaren eramailea (SOINUA)

Anartean, Irunen, normaltasun berrirako bidean, aparkatzeagatiko ordaindu beharreko TAO sistema martxan da astelehenaz geroztik. Eta kirolgune zenbaitzuk zabaltzen hasi dira. Mementuko dojo edo kiroldegiak ez, baina aire zabaleko San Marcial-Txingudi kirolgunean diren paddel eta tenis pistak martxan jarri dituzte maiatzaren 26ean. Aldez aurreko hitzordua hartu behar da, 943 62 72 66 telefonora deituaz, eta kirolariek material guzia etxetik eraman beharko dute.

Gazteentzako zerbitzurik ez oraindik, aurrez-aurrekoan martxan. Baina Hondarribiko eta Irungo Kzguneetan jakinarazi dutenez, maiatzean zuzeneko urrutiko hitzaldien zerbitzuak jasotako harrera ona ikusirik, ekainean ere Youtube KzguneaTIC kanalean gazteentzako beste 9 hitzaldi antolatuko dituzte.

Aurrenekoa, ekainaren 2an izanen da, goizeko 11:00etan. “Murgildu errealitate birtuak eta areagotuan” izenburupekoa. Eta ekainaren 4an, atsaldeko 18:00etan pandemia hontan hain eraginkorra bilakatu den “3D inprimatzeak dituen aukerak” aztertuko dituzte gazteekin.