70 urtez goitiko pertsonek oraindik ere, goizeko 10:00etatik eguerditara, eta atsaldez 19:00etatik 20:00etara etxetik ateratzeko ordutegiak mantentzen dituzte. Baina gainerako herritarrek, kirola egin edo paseatzera ateratzeko mugarik ez dute. Eta hezkuntza zerbitziuak izan ezik, usaiako komertzio, ostatu eta zerbitzu publiko gehienak martxan dira, segurtasun eta higiene neurri zorrotzekin, eta kasu gehienetan %50eko mugarekin bada ere.
Eta joan den asteaz geroztik, neurrien artean, leku publikoetan maska baitaezpada erabiltzea agindu dute osasun agintariek. Betiere, etxe berean bizi ez diren pertsonen artean 2 metroko tarteak segurtatzerik ez dagoenean.
Derrigorrezkoa dela aintzat hartuta, Espainiako Gobernuak maskak dohainik banatu beharko lituzkeela diote askok. Eta Madrilgo gobernu sozialistak hartu ez duen neurria, Hondarribiko herriko etxeak har dezala galdegin dio, hain justu, bertako alderdi sozialistak. Eibarren, adibidez, maskak kitorik banatzen dituzten makinak ezarri dituzten bezalaxe.
Irunen, aldiz, alderdi sozialista bera da agintean. Baina ez dute halako proposamenik egin, eta Elgarrekin Podemos udal taldea izan da, maskak dohainik banatzeko eskaera luzatu duena.
Masken erabilera luzerako neurria dela kontuan hartuta, eta krisi sanitarioak eragindako egoera dela eta, famili asko zailtasun ekonomikoetan direla jakinik, Kontsumitzaileen Bulegoak eman dituen datuak oroitarazi dituzte. Bi seme-alaba dituzten lau laguneko familiek, batez bestean, 120 eta 150 euro arteko gastua egin beharko dutela hilero, maska merkeenak segurtatzeko. Alternatiba, aldiz, ez da hobeagoa. Norberaren osasuna arriskuan jartzea, ala karioagoak suerta daitezkeen isunak ordaindu behar izatea.
Maskak baitaezpadakoak bilakatu eta astea betetzen denean, jende orok ez du neurri hau bete oraino. Baina leku pubkikoetan 2 metroko tartea segurtatu daitekeen ala ez, oso baldintza abstraktoa dela salatu dute indar polizialek. Halere, maskarik ez eramaiteak 600 eta 30.000 euro arteko isuna ekar dezake.