Deskonfinamendu ezberdina Bidasoaren alde batean eta bestean

Antxeta Irratia 2020ko mai. 15a, 00:00

Deskonfinamenduarekin batera jendea fisikoki errezibitzeko zerbitzu publikoak pittaka-pittaka idekitzen doaz Hendaian. Irunen eta Hondarribian, aldiz, herriko etxeetako zerbitzu gehienak oraindik itxiak dira maiatzaren 22a arte, liburutegiak barne. Baina garraio publikoa eta oinarrizkoena normaltasunera itzuli da.

Hondakinen bilketa zerbitzua ere normaltasuna berreskuratzen hasi da Irun-Hondarribian. Obretako materialak eta hondakin handiak jasotzeko Araso eta Akartegiko hondakindegiak ere martxan jarri dituzte. Baina tele-lanean jarraitzeko aukera duten Txingudiko Zerbitzuak-eko langile gehienak etxetik jarraitzen dute. Aldiz, kaleko lanak beharrezkoak dira, eta komertzio eta ostalarien idekitzearekin, hauentzako hondakin bilketa zerbitzuak plantan eman dituzte berriz. Eta udaberri oro egin ohi duten bezala, arratoiak akatzeko kanpaina martxan jarri dute aste hontan.

Bestalde, normaltasun berriak, ekonomi egoera kaxkarra ekarriko du datozen hilabeteetan milaka enpresa txiki eta ur eta hondakin zerbitzuaren 40.000 familia edo bezeroentzat. Hortaz, neurri sozialak hartu dituzte luzarora begira laguntzeko xedez.

Eta laguntzak aipatzen ditugula, Hendaiako Herriko Etxeak 60.000 euroko diru poltsa onartu du COVID19aren ondorioz ekonomikoki hunkituak diren familiak sustengatzeko. Umeak dituzten familiak lagunduko dituzte, 30 euro haurnaka.

Hendaian ere, hondartza larunbata hontatik goiti idekiko dute prefetak baimenduta. Zortzi sarreragune izanen dira, bost jendearentzako eta 3 surflarientzat. Ur kirolak, korri eta igeri egitea baizik ez dago baimenduta, goizeko 6etarik atsaldeko 19:00etara. Anartean, Hondarribiko hondartza udan ideki ahal izango duten ez dute oraindik erabaki. Atzo bilkura egin zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lurraldean hondartza duten zortzi herrietako alkateek, eta udan hondartza usaian bezala erabiltzeko segurtasun distantziak errespetarazteko sistema bat aztertuko dute.