Irunen kokatzen den aurreneko trikuharria aurkitu dute konfinamendu garai bete- betean

Antxeta Irratia 2020ko mai. 12a, 00:00

Euskal Herrian eta Pirinioetan megalitoen katalogazio eta prospekzio lanetan aritzen den Hilharriak taldeko Iñigo Txintxurreta irundarrak egin du aurkikuntza, deskonfinamenduaren debekuen erruz. Izan ere, udalerriko mugak gainditu gabe kirola egiteko aukera eman dutenean, Irungo mendietara abiatuta topatu zuen trikuharria joan den ostiralean, Olaberria auzoko Burkalleku mendiaren iparraldean.

Trikuharria harearriz osatutakoa, eta tumuluaren diametroa 14 metrokoa eta 1,20 metro inguruko altuerakoa izanik, neolitiko garaikoa dela nabarmendu du adituak. Inguruko herrietan trikuharri eta harrespila anitz identifikatu izan badira ere, Irunen ez zen halako aurkikuntzarik sekulan egin. Txintxurretaren arabera, erromatar garaitik XX. mendera hustiatutako mehategien ondorioz, eta 36ko gerlako bunkerren eraikuntzaren erruz, Irunen garai batean egon zitezkeen megalitoak desagertutzat emanak dituzte. Baina kasu hontan, Aiako Harriko mendi goietan beharrean, hirigunetik nahiko hurbil dagoen Olaberria auzoko lur pribatu batean aurkitu du, pinudi batek babestuta eta ehiza postu baten azpian. Aranzadi Zientzia Elkarteari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Ondarea Departamentuari aurkikuntzaren berri eman die Hilharriak taldeak.