Gaur komunikatuko du herriko etxeak, Hendaiak eskolak noiz eta nola irekiko diren

Antxeta Irratia 2020ko mai. 7a, 00:00

Heldu den asteko eskola sartzearekin frantses gobernuak hartu dituen erabakiek Seaskaren haserrea piztu du. Bai eta gainerako eskola pribatu eta publikoen sareetan ere. Osagarri protokolo zorrotzak betetzeko baliabide eta antolatzeko denbora eskaxa izan baitute, eta haurren eta irakasleen segurtasunak arranguratzen ditu. Hendaian ere, herriko gobernukidea den Hendaia Biltzenek irizpide ekonomikoa osasunaren gainetik ezarri dela salatu du.

Hendaiako eskolen egoera berezia da. Batetik, eskola publiko anitzetan hegoaldeko jatorria duten ikasleen kopurua %50 ingurukoa delako, eta ikasgeletan haur kopurua mugatuta, berez hizkuntzarekin traba duten ikasleen eta frantsesdunen arteko aldeak handiagotuko direlako. Eta bestetik ere, Hendaia, Urruña eta Donibane Lohitzuneko eskola guzien artean, 600 bat ikasle direlako Gipuzkoan bizi eta eskola sartzerako muga nola pasa ahalko duten ere ez dakitenak. Kotte Ecenarro, Hendaiako auzapezak Eric Spitz prefetari honi buruz galdetu dio, eta printzipioz mugazgaindiko ikasleak baimenduko dituztela erran du, baina ez du argitu zein agiri beharko duten ere. Eta eskolek ez dute honi buruz argitasunik jaso ere. Gogoan hartu behar da, Hego Euskal Herrian ikasleak ez direla eskolara iraila arte itzuliko, heldu den eskola sartzearekin batera. Eta Hendaia Biltzen talde abertzaleak uste du, Hendaian ere hobe litaikela eskola sartzea irailera puxatzea. Frantses gobernuak maiatzaren 12an eskola sartzea agindu duelarik, honen ondorioak neurtu gabe egin duela salatzen du Hendaia Biltzenek. Eta besteen bizitza arriskuan jartzeaz gain, irakasle, ikasle eta gurasoei xantaia egitea leporatzen dio frantses Gobernuari.

Irunen eta Hondarribian, bien bitartean, iraileko ikasturtea prestatzen hasi dira eskoletan, ezjakintasunean ere. Madrilgo Gobernuak ikasgela bakotsean gehienez 15 haurren muga agindu baitu, batezbesteko ratioa 25 denean. Goiz eta atsaldeko eskola txandak antolatzea, ala tele-ikasketarekin hein batean jarraitzea aztertzen ari dira. Baina eskola barruan ez ezik, kantina zerbitzu txandak edota eskola garraioetan ezarriko dituzten mugak ere nola kudeatu gogoetatzen ari dira.

Eskualdeko zentrorik handiena, 1.000 ikasle dituen Txingudi Ikastolan, adibidez, bi txanda egin ohi dituzten 8 autobus bete ohi dituzte egunero haurrak ikastolara eramateko. Eta beraz, bi jarlekuetatik bat libratu behar baldin badute, nekez kudeatu ahalko dute hori ere.