Hego Euskal Herriko deskofinamendua abiatu den hontan, kirolari profesionalek entrenamenduei berrekin ahal izango diete.

Antxeta Irratia 2020ko mai. 6a, 00:00

Futbolean, adibidez, baina ez daude egoera berean 2.B mailako futbolariak edota arraunlariak ere.

Irunen, adibidez, Real Unionek ez daki oraindik nola edota noiz bukatu duen aurtengo sasoia. Klub historiko hau jeitsiera postuetan aurkitzen zen Alarma Egoera indarrean sartu zenean, eta Liga bukatzeko 10 jardunaldi falta direnean, federazioak ez du erabakirik hartu, liga ezeztatu ala bukatu, eta igoerak eta jeitsierak nola banatuko diren ere. Jokalariak ez dira profesionalak, baina gehienak hortaz bizi dira. Baina taldeen egoera ekonomikoa dilindan da, jakinik bertakoak ez diren jokalari askorentzat etxeko alokairua ere ordaintzen dietela adibidez.

Batzuk denboraldi bukaera nola bururatu ezinik, eta beste batzuk, aldiz, udako sasoia abiatu ahalko duten aztertzen ari dira. Arraunketan, adibidez, ekaina bukaeran hasi beharko liratekeen mutilen Euskolabel TKE Liga eta nesken Euskotren Liga osasun agintarien aginduen esperoan dira. Apirilaren 25ean arraun elkarte guziek egindako azken bilkura telematikoan, udan estropada sasoia ospatzeko prest agertu ziren, eta traineru estropadak izango dituen uda bati begira lanean jarraitzen dute.

Arraunlariak ez dira profesionalak, eta entrenamenduak normaltasunez eraman gabe, nekez eraman dezakete aurrera ohiko estropada denboraldi gogorra. Baina liga hasi baino 15 egun lehenago uretan entrenatzearekin konforme egongo lirateke.

Bestalde, Irunen, goi mailako txirrindularitza izanen da aurten. Nazioarteko txirrindularitza proben egutegia behin egokitu ondotik, eta pandemiaren garapenak ahalbidetzen badu, Espainiako Vueltaren lehen etapa Irundik abiatuko da urriaren erditsuan. Bestalde, gaur bertan baieztatu dute eskubaloian, Bidasoa-Irun taldeak Europan jokatzeko txartela eskuratu duela. ASOBAL Liga ezeztatu dute, eta lehen itzuliko hirugarren postua kontuan hartuko dute horretarako.