Irungo San Martzial jaiak ospatu ahalko diren maiatzaren 10ean erabakiko dute

Antxeta Irratia 2020ko api. 30a, 00:00

Udalerrietako EUDEL erakundeak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako foru aldundiek egingo duten bilkuran jorratuko dute gaia.

Egun horretan zehaztuko da, udako hiri nagusietako bestak eta kultur jarduera handiek bete beharko dituzten segurtasun neurriak. Eta beraz egingarriak ote diren ala ez. Udako herrietako besta egitarauari abiada eman ohi diote, ekainaren azken 10 egunetan Irungo San Pedro eta San Martzial jaiek. Baina Irungo Udalak ez du oraindik erabaki ofizial bat hartu. Hondarribian ere, ekainaren erditsuan milaka lagun bildu ohi dituen Erdi Aroko Azoka egokituta antolatu ahal izango duten ez dakite. Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkateak iragarri duenez, hori eta udako gainerako hitzorduekin, maiatzaren 10a arte itxaron beharko dute erabaki ofizial baten hartzeko. Irunen, aldiz, jaietako egunik jendetsuena Alarde Eguna izanik, Alarde Publiko eta parekideak uko egin dio dagoeneko egun horretan desfileatzeari. Aurreneko aldia izango da bere historian. Alarde tradizionalak, aldiz, ez ditu oraindik aukera guztiak baztertu. Baina Alardeetatik haratago, hiriko elkarteen lagutnzarekin jai nagusietan antolatu ohi diren 200 bat jarduerekin zer egingo den lehenbailehen argitzea galdegin du Elkarrekin Podemos oposizioko talde politikoak. Formatu txikiko ekimenak salbatu daitezkeelakoan dira, baina horretarako garaiz eta denboraz antolatu beharko direla diote. Eta beraz, Udal Gobernuak lehenbailehen zuhurtziaz eta arduraz erabaki baten har dezala galdegin diote alkateari. Bestalde, ikusirik Irungo komertzio sektorea, hein handi batean Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko bezeroei esker bizi dela, eta krisi sanitarioaren mugako kontrolak eta neurri zorrotzak udazkena bitartean luzatu daitezkeela, herriko etxeak Kontsumo eta Merkataritza Mahaia lehenbailehen deitu dezala eskatu dute. Merkatariekin bildu, eta epe ertainean hartu beharreko neurriak eta eman beharreko laguntza ekonomikoak zehazteko. Hortan, herriko jaietan ospatu ezingo diren ekitaldi guzietako aurrekondua, hortara bideratzea proposatu dute.