Lehen azokak ospatu dira gaur

Antxeta Irratia 2020ko api. 18a, 00:00

Herritar, laborari eta lehen sektoreko 302 eragilek egin presioaren aitzinean, amore eman du Eusko Jaurlaritzak. Eta azkenik, udaberriko uzta osoa galdu baino lehen azoka eta merkatuak baimendu ditu. Hondarribian eta Irunen azokak itzuliko dira

Behar prebentzio eta segurtasun neurri guziekin, baina eskualdeko baserritarrek dagoeneko jasan dituzten kalteak eztitzeko parada ukanen dute hemendik goiti. Hondarribian koronabirusaren Alarma Egoeraren aurreko astetik ez dela baserritarren azokarik antolatu ahal izan. Badira bost aste herriko ekoizleek salmenta bide nagusia itxita ukan dutela. Eta martxoan oposizioko Abotsanitz udal taldeak Jostaldi pilotaleku itxia tokiko mozkinen supermerkatu gisa antolatzeko egindako proposamenak ere ez zuen herriko gobernuaren oniritzirik jaso. Eusko Jaurlaritzak azokak berriz ere baimendu, eta apirilaren 8an berriz debekatu zituen. Baina azkenik atzera egin duenez, Hondarribiko azoka bueltan izanen da larunbata hontan.

Hondarribian ez ezik, Irunen ere bueltan izango da larunbatetako azoka, normaltasun kutsu batekin. Baina Urdanibia plazan eta ohiko postu guziekin egin beharrean, aldamenean dagoen Uranzu txiki frontoian egingo dute 0 kilometroko produktuen azoka gisa. Eusko Jaurlaritzaren araudi berriaren baitan egingo da eta segurtasuna bermatuz.

Goizeko 9:30etatik 13:30etara irekita izango da, eta segurtasun neurri zorrotzak hartuko dira, koronabisurekin kutsatzeko aukerak murrizteko. Bezeroen kopurua kontrolatuko da jende pilaketarik eman ez dadin. Eskularruak, maskarak eta gel desinfektatzaileak ere banatuko dira. Ekoizleei gainera, norbera babesteko plastikozko bisera bana emango zaie.

Bisera hauek Irungo Maker CovidGipuzkoa mugimendukoek egin dituzte 3D inprimatzaileekin. Irungo Udalak halako 1.000 babesteko bisera banatuko ditu datozen egunetan, azokan, MerkaIrun udal merkatuko postuetan, eta Mugan zein Bidashop merkatarien elkarteko saltzaileen artean.

Oraindik udalarekin harremanetan ez diren merkatariak, fgonzalez@irun.org posta elektronikoa galdegin dezakete aurpegirako bisera edo babes pantaila horietariko bat.