Eta etxez etxeko zaindariak zer?

Antxeta Irratia 2020ko api. 2a, 00:00

Gipuzkoan 5.000 bat zaindari dira, euren etxeetan zaintza bereziak behar dituzten adinekoekin lan egiten duten etxez etxeko zaindariak.

Egunotan koronabirusaren kontrako borrokan, lehen lubakian diren mediku eta erizainekin batera, adineko erresidentzietako zaindarietaz, edota elikadura sektorea segurtatzen duten garraiolari eta supermerkatuetako langileetaz asko hitzegin da. Baina bada euren lana prekaritate kezkagarri batean isilean eramaten ari diren, adinekoen etxez etxeko laguntza zerbitzuko zaindariena.

Gipuzkoan 5.000 bat zaindari dira, euren etxeetan zaintza bereziak behar dituzten adinekoekin lan egiten duten etxez etxeko zaindariak. Egunero batez bestean, adineko bost pertsonen etxeetara joaten dira, eta COVID19aren pandemiaren erdian, eurentzako lan arriskugarria izateaz gain, kaltebera diren gaixo eta adinduak kutsatzeko arriskua ere daramate soinean, etxez-etxe.

Bidasoa eskualdean 73 etxez etxeko langile dira, eta Irun eta Hondarribia artean, 344 adinekoen ongizateaz arduratzen dira. Kristina, Hondarribiko ELA sindikatuko langile hauen ordezkaria da, zaindari horietariko bat. Funtsezko lana egiten dute, baina abandonaturik sentitzen dira. Konfinamendua hasi zenetik, funtsezko zerbitzua izan arren, agintariek ez dituzte baldintza hauek kontuan hartu. Ezta bistan denez, administrazio publikoak bermatu beharreko zerbitzurako azpikontratatutako enpresa pribatuek ere. Babes-neurri askirik ez dutenez, euren buruaz gain, etxekoen zein zaindu eta garbitu beharreko adinekoen osasuna arriskuan jartzearen beldur dira. Bi aste ondotik, Hondarribiko udaletxeak maska batzuk banatu dizkie, baina etxe guzietara mantala berarekin doaz, eta babes-neurri eskaxengatik ere, kezka eta harridura sortzen dute adinekoengan eta haien senideengan. Aldiz, agintariek eta zerbitzua ematen duen CECLE enpresaren gabeziak, jendarteak estali ditu halamoduz, auzolanean eta bolondreski. Izan ere, 3D Maker mugimenduak eta AEG Eskolak ekoiztutako aurpegietarako pantailak, eta Junkal Agirre espartin egileak sortutako oihalezko maskak bildu dituzte Gurutze Gorriaren eskutik.