Gora behera eta proposamenak ordezkari politikoen partetik

Antxeta Irratia 2020ko mar. 28a, 00:00

Kale desinfektazioa, azokak egin ala ez, herritarrei harreta zerbitzuak...aldaketa ugari proposatu eta martxan jarri dituzte eskualdeko herriko etxeek.

Irungo Herriko Etxeak bere webgunea egokitu egin du, koronabirusari buruzko informazioa, eta hirian hartu edo abian jarri dituzten neurri, laguntza zerbitzu eta erabakien berri emateko atala sortu du. Era berean, 010 telefonoan goizeko 8etarik atsaldeko 19:00etara behar zalantza argitzeko zerbitzua aktibatu dute.

Era berean, udal liburutegiak sare sozialetan zein bizilagunen balkoinetan antolatzen dituzten kultur hitzordu, deialdia eta bestelakoak biltzeko agenda berezia sortu du bere webgunean.

Irunabar, Irungo bertsoaren bilguneak, bere partetik, COVID-19a dela eta bizi dugun egoera berezia dela eta, hileroko lehen ostegunetan Kabigorrin antolatu ohi dituen bertso-gauak bertan behera utzi ditu egoera konpondu arte. Beraz, apirilaren 2an ospatzeko zena, ez da egin ahal izango.

Hondarribian, aldiz, zenbait bizilagunek ez dute ondo hartu, egunero iluntzeko 20:00retan osagarri zerbitzuko langileak eskertzeko txalokadaren ondotik, bizilagunak alaitzeko balkoinetan zenbaitzuk jarri ohi dituzten bizpahiru musika kantaren arrabotsa. Salaketak eman dira, eta poliziak isunak ere jarri ditu ez ohiko egoera kontuan hartu gabe.

Aldi berean, udako sasoia zalantza betean prestatu behar den honetan, Hondarribiko Herriko Etxeak jakinarazi du Gazteria departamenduak 5 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako Uda Jolas udaleku idekiak antolatzen ari direla, eta Alarma Egoera altxatzen baldin bada egingo dela.

Lan guziak prest euki nahi dituzte badaezpada, eta horregatik martxoaren 30etik apirilaren 4ra izena emaiteko epea zabalduko dute. Baina izena emateko internet bidez hondarribia.eus atarian egitea galdegin dute.

Hendaian, aldiz, hilabeteko azken ostiraletan GazteluZaharren egin ohi den euskal preso eta iheslarien sustengu elgarretaratzerik ezingo dute egin atsalde hontan. Baina sare sozialetan parekatuko duten bideo bat prestatu dute, nahi izan duen orok bere sustengua adieraziz parte hartu ahal izan duelarik.

Eta sare sozialen bidez plazaratu du Hendaian Biltzen talde abertzaleak ere, tokiko laborariek merkatuern ezeztatzeekin bizi duten egoerari buruzko kezka. Eta alternatibak proposatu ditu.

Hondarribian, aldiz, Jostaldi pilotaleku itxia, tokiko baserritarren saltoki gisa atontzeko proposamena ez da onartua izan, eta Alarma Egoea iraungo duen bitartean, baserritar azokarik ez antolatzea agindu du Herriko Etxeak.