Ander Elosegi irundarrak badaki zer den Olinpiar Jokoetan parte hartzea, baina honek ere itxaron beharko du

Antxeta Irratia 2020ko mar. 26a, 00:00

Kirolari orok du Olinpiar Jokoetan partehartzeko ametsa. Baina uda hontan Japonian jokatzekoak ziren olinpiadak 2021era gibelatzea deliberatu du, azkenik, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak. Makur ekonomikoak itzelak izanen dira, eta mundu osoko milaka kirolarien ametsak bertan behera geratu dira, haien artean Euskal Herriko kirolari zenbaitzuena.

Ander Elosegi irundarrak badaki zer den Olinpiar Jokoetan parte hartzea. 16 urte darama ur-bizietako piragusita gisa goi mailan lehiatzen, eta diploma olinpikoak eskuratu ondotik, Japonian zuen domina bat lortzeko bere azken aukera begiz jota. Udazkenean eskuratu zuen plaza, eta urteko plangintza osoa Japoniara begira antolatua zuen. Orain 2021eko uda urrunegi ez ote den geratuko beldur da, baina koronabirusaren pandemiaren aurrean, etxean geratu beharra dagoela dio. Kirolariak ez baitira koronabirusaz beste aparteko mundu batean bizi.