Antxeta Irratiak iragarri dezake, M8ko manifestazioa, aurten, Hendaia, Irun eta Hondarribiko zutabe banarekin antolatuko dela, eta hiruak elkartu ondotik, Hondarribian bukatuko da tupper bazkari batekin. Baina horren guztiaren antolatzeko, eskualdeko eragile feminista ezberdinek bileragunea ere aldatu behar izan dute azken orduetan. Emeki elkarteko Mariaje Berrotaranek esplikatu digunez, Puntaleko Molla ibilbideko euren egoitzan egingo dute gaur atsaldeko 16:30etan.
Martxoaren 8aren aurretik, aldiz, inauteriak ditu ospatuko Emeki elkarteak ere. 1992tik 2010 bitartean, baserriz-baserri puska biltzeko Mairuen usadio zaharra ospatu izan zuten, baina bederatzi urteko etenaldi baten ondotik, iaz berreskuratu eta indartu nahian dabiltza. Herriko ondare den heinean, atxiki beharreko ohitura dela diote.
Larunbatean, beraz, goizeko 10:00etan Jaizkibel kanpinaren sarreran hitzordua eman dute, parte hartu nahi duen ororentzako. Iaz, bikote gazteak haurrekin ere animatu zirela diote.