Madrilgo Soto del Real espetxean sartuko dute, eta bihar Madrilen goizeko hamarretan Auzitegi Nazionalean epailearen aurrean deklaratuko du (h)Alboka auzian. Arratsaldeko 19:00etan elgarretaratzea deitua dute gaur Hendaiko herriko etxe aitzinean egoera salatzeko.
Joan den ostegunean atxilotu zuten, Hendaian (Lapurdi), polizia etxera sinatzera joan zenean. Hendaian bertan bizi da, espetxe zigorra osorik beteta iazko apirilean aske geratu zenetik, eta astean bitan joan da sinatzera orain artean komisaldegira, euroagindu eskaera ebatzi arteko neurri administratibo batengatik.
Auzitegi Nazionalak, 2011ko euroagindu eskaera batean, Plari egotzi zion 2008ko maiatzaren 17an Landetako Mimizanen bilera bat egin zuela etakide batekin.
Halere, auziak badu zeresana, Frantziako Poliziaren Zerbitzu Antiterroristaren txosten batek baitio, egia ez den froga batean oinarritu zela Madril euroagindua galdegiteko, Parisek egiaztatua baitu Pla 2008ko egun hartan Fresnesko espetxean zegoela, euskal preso bat bisitatzen.