"Desalojoaren aurrean, gaztetxea defendatu" kanpaina abiatu du Hondarribiko gazte asanbladak

Antxeta Irratia 2020ko ots. 12a, 00:00

Hondarribiko gaztetxeak, joan den urteko Aste Santuan, apirilaren 19an Egiluz jauregiko ateak zabaldu zituenetik, ez dute bide erraza izan. Elizbarrutiko jabetzakoa izanik, berehala ekin zion honek auzibideari, eta lau kide auzipetu zituztelarik, epaiketa hartatik absolbituta atera ziren. Baina elizak mantendu egin du bere jabetza ukiezina izateko borroka, eta orain desalojo inminentearen berri jaso dute.

Ez dakite momentuz desalojoa noiz emango den, baina anartean negoziaketa baten beharra ikusten dute. Izan ere, okupazioa eman zenean, ondare historikoa den Egiluz jauregia edo Juana la Locaren etxea bezala ezaguna dena, eraikuntza materialen hondakindegi eta biltegi gisa erabilia zela ohartu ziren gazteak, eta hustu, garbitu eta atondu egin ondotik, hilabete hauetan guztietan Alde Zaharreko zein herriko eragile eta bizilagun askoren babesa jaso dute.

Desalojoaren aurrean, eliza eta gazte asanbladaren arteko negoziaketa baten beharra ikusten dute. Eta hortan, Udalak ere baduela zer esana uste dute gazteek.

Antxeta Irratiak jakin izan duenez Udala prest agertu da gazteekin hitzegin eta aterabide posibleak bilatzeko. Nolanahi ere, gazteek ez dute umore ona galtzen, eta inauterien atarian gaudela, garai bateko Herri Olinpiadetako parodia gaualdia berreskuratzeko lanetan aritu direnez, heldu den ostiralean Arma Plazan antolatu duten ekimenarekin aurrera jarraituko dute desalojorik ematen ez den bitartean.