Bihar udal aurrekontuak aprobatzeko Ez Ohiko Udalbatza ospatuko da, eta printzipioz, Irungo Udal Gobernu sozialistak bi bidelagun izango ditu horretan. Elgarrekin Podemos eta EH Bildu. Baina Miguel Angel Paez sozialistak ez zuen baztertu joan den ostiralean, jeltzaleen abstentzio bat negoziatu ahal izatea. Jeltzaleek, aldiz, ohar baten bidez berretsi egin dute Antxeta Irratian esandakoa. Santano alkateak apurtu duela bi alderdien arteko hitzarmena, eta ez dagoela deus gehiago esaterik.
Hasierako 47 zuzenketak aurkeztuko dituzte jeltzaleek. Eta PP alderdiak 20 emendakin gehiago.
Horietariko batzuk onartuak izango zaizkie. Baina funtsean, oposizioko beste bi indar politikoekin itxitako 3 eta 5,2 milioi euro inguruko akordioak sahiestuko du 2018ko aurrekontua berriz ere luzatu behar izatea.
Zentzu honetan, Elgarrekin Podemoseko idazkari nagusia, Miren Etxebeste, aurrekontuetatik haratago joan nahi izan du. Eta aurrera begira ere ezkerreko politiketan sakontzeko gonbidapena luzatu dio alderdi sozialistari.
Udal Gobernuak jakitera eman duenez, hain justu, 2020ko aurrekontua inoiz baino sozialagoa izango da. Plenora eramango den aurrekontua 84 milioi eurokoa izango da, 2018koarekin alderatuta, %13,5ko emendioarekin, gehienbat Hegoaldeko Ingurabidearen 6 milioi euroko inbertsioagatik. Baina gastu sozialak pisu handiagoa izango du, 2018koekin alderatuz %13 gehiago.
Nolanahi ere, momentuz 2020 udal aurrekontuak dira jokoan daudenak. Bihar goizeko 9:30etan ospatuko da horretarako udalbatza.
Miren Etxebeste Ahal dugu Podemoseko ordezkaria