Joan den asteartean, Jose Antonio Santano alkateak Elgarrekin Podemosekin 2 milioi euro inguruko aurrekontu aldaketa dakarren akordioa izenpetu ondotik, eguerdi hontan, EH Bildurekin 5,2 milioi euroko akordioa izenpetu du.
Akordio historikoa, politikoki suposatzen duenagatik, eta historikoa ere, sozialistek koalizio abertzalearekin hartu dituen konpromisoetan ere. Irunvik, hau da, Udalak zuzenean kudeatuko dituen alokairu sozialeko etxebizitza parke bat osatzea adostu baitute.
Konpromisoetaz berehala jasoko ditugu xehetasunak Ipar Orratza saioan, Koldo Nausia lankideak EH Bilduko bozeramalea den Jokin Melidari egindako elkarrizketan.
Baina akordioaren izenpetze agerraldian ere, bai Santano, bai Melidak, horixe bera nabarmendu dute, inorren kontra eta irundarren interesen aldeko akordio bat dela. Ezberdintasunak alde batera utzi, eta politikaren garai berri baten atarian gaudela, amankomunean dituzten proiektu eta irizpideetan topo egiteko nahia izan dutela negoziaketan.
EH Bilduk akordio historikotzat eman du, Irunen historikoki egin ditzuten hainbat aldarrikapen lortu dituelako. Etxebizitza publikoa alokairuan edota trantsizio energetikoan lagunduko duen Energiaren Bulego Berdea sortzea ere.
Jokin Melidak azpimarratu duenez, herritarren bizitza hobetzeko bidean bilatuz gero, EH Bildu hor topatuko dute beti.
Bestalde, GBBk EAJk eta PSEk 2019ko ekainean izenpetutako hitzarmena apurtuta dagoela iragarri badu, Santanoren ustetan, ez da Irundik hartutako erabakiengatik izan. Jeltzaleek kontrako dioten arren, Udal Gobernu sozialistak ez du EAJrekin hirugarren akordio bat ixteko aukera dagoenik ukatu.
Jose Antonio Santano alkatea eta EH Bilduko ordezkaria den Jokin Melida