Aurrekontuak adostu dituzte PSE, EH Bilduk eta Ahal dugu Podemosek

Antxeta Irratia 2020ko urt. 21a, 00:00

Negoziaketa konplexu batzuen ondotik, Irungo Udal Gobernu sozialistak 2020ko aurrekontuak onartzeko karambola bat egingo du datozen orduetan. 

Oposizio osoa kontra eta gutxiengoan egotetik, 2020ko udal aurrekontuak onartu eta 2018az geroztik Irungo Udalak bizi duen egoera desblokeatzeko babes nahiko jasoko du, urtarrilaren 27rako deitu duten udal aurrekontuak onartzeko udalbatzan. 

Azken orduetan filtratu izan den bezala, akordio historikoa itxi du alderdi sozialistak Irunen, Elgarrekin Podemos eta EH Bildurekin aurrekontuetarako. Eta elkarren artean baztertzaileak ez izan arren, ez da hiru aldeko akordio bat. 

Goiz hontan, Jose Antonio Santano alkatea eta Elgarrekin Podemoseko bozeramalea, David Sotok aurkeztu dute euren arteko akordioa. 

Biek aipatu dutenez, irundarren aldeko politika ezkertiar eta aurrerakoiak egiteko, eta Udalari orain artean ez zuen egonkortasuna emango dion akordio bat da, tokian tokitik negoziatuta. Halere, Elgarrekin Podemosen ustetan, Euskal Herri osora zabaldu daitekeen ezkerreko gehiengo posible batentzako esperiementua ere bada, Irungoa. 

Baina funtsean, Berdintasunaren alorrean, Iparralde etorbideko Madariaga lursailean Emakumeen Etxea, trantsizio energetikoan Energiaren Bulego Berdea, etxebizitza sozialak, komertzioaren sustapena eta Plaiaundiko kirol instalazioak Txenpereneara lekuz aldatzeko konpromisoa hartu dute sozialistek, aurrekontuei bi milioi euroko aldaketa onartuz. 

Jose Antonio Santano alkateak iragarri duenez, aste honetan bertan EH Bildurekin itxi duten akordioaren berri emateko beste agerraldi bat egingo dute. Eta EAJ alderdiarekin akordio bat erdi-itxita bazuten ere, ezer ezean geratuko da. Halere, akordio hauek ez direla inorren kontra eginak, irundarren alde baizik, eta  politika ezkertiarrak egiteko helburuarekin. Hala, jeltzaleei zuzenketak onartzeko prest agertu da alkatea, baina akordio orokorra gorik gabe geratuko den oposizioko udal talde bakarra izango da, PP alderdiarekin batera. 

Gauzak honela, Elgarrekin Podemos-ek eraman du akordio historiko honen lehen argazkia, baina 2 milioi euroko aurrekontu aldaketa lortu duen bitartean, dagoeneko filtratu egin den EH Bildurekin itxi duten akordioa, 5,4 milioi eurokoa da. 

Ostegunean emango dute horren berri, baina iragarri dezakegunez, horietatik, 4,8 milioi euro inguru etxebizitza publikoan Irungo hirian luzaz emandako sustapenik handiena bultzatzeko. Alarde-Olaketa eremuan, eta alokairura bideratzeko etxebizitza hutsen inbentario bat egiteko konpromisoa hartuko lukete sozialistek.

Bestalde, euskara kultur agenda, jarduerak eta udal liburutegiko materiala, zein eskoletan euskarari bultzada emateko 100.000 euro, tokiko komertzioa sustatzeko 175.000 euro, eta beste 200.000 euro gehiago aurreikusten ditu akordioak, Memoria Historikoa landuko duen 2020-2023 plan baten osaketarako. 

OINA: Esan bezala, Elgarrekin Podemos-ek gaur aurkeztu duen akordioa, oraindik bere oinarriek baieztatu beharko dute. Podemos-eko zirkuloa osatzen duten 100 lagun inguruk asanblada egingo dute horretarako aste honetan, eta ostegunerako erabakiaren berri eman beharko lukete. 

Erlazionatuak