EAJko burukide bat buru duen Montai enpresa taldeak Hondarribiko Udalari egindako mehatxua eta praktika mafiosoak salatu ditu Abotsanitz udal taldeak

Antxeta Irratia 2019ko abe. 11a, 00:00

2009az geroztik, lehiaketa publikorik gabe, eta modu irregularrean alkate-dekretu bidez ordaindutako zerbitzuen onuradun izan da enpresa talde hau. Baina Udalak azken aldian, beste enpresa batekin lanean hasi den unean, Aitor Elorza jeltzalea buru duen Montai enpresak Udalaren aurrean neurriak hartzeko mehatxua iragartzen duen idatzia jaso du alkateak ez ezik, Udal Gobernua jeltzaleak eta oposizioko udal talde guztiek ere.Montai enpresa kasua, ez da Hondarribiko Udalaren zerbitzuen jardunean irregulartasunean eman den bakarra. Izan ere, Abotsanitzek salatu duenez, soilik agintaldi honetan 600.000 euro inguru ordaindu ditu Udalak, udal kontu-hartzailearen erreparoa altxatu eta alkate-dekretu bidez onartuta. Kontratazio Publikoen Legeak agintzen duenez, 3.000 eurotik gorako zerbitzuen ordainketak egin behar direnean, zerbitzu hori lehiaketa publiko bidez bideratu behar du Udalak. Baina ekainaz geroztik 13 alditan ordaindu dira kopuru horiek baino handiagoak diren zerbitzu prestazioak Txomin Sagarzazu alkateak dekretuz onartuta.Montai enpresaren kasuan, Hondarribiko Udalaren kultur jarduera eta jaietako eszenatoki eta instalazioetaz arduratu da 2009az geroztik, inolako lehiaketa publikorik egin gabe, aurrekoa kontratuaren esleipena behin iraungita. Baina Hondarribiko Udalak beste hamar bat zerbitzu mantentzearren,  iraungitako kontratazioak izanik, era irregularrean ordaindu ditu azken urteetan.

Estitxu Urtizberea, Abotsanitzeko hautetsia eta  Igor Enparan taldeko kidea dituzue entzungai