Zaldunbordaren gaia jorratzeko Ez Ohiko Udalbatza eskatu du oposizioak

Antxeta Irratia 2019ko abe. 2a, 00:00

Zaldunbordako proiektuak zeresana emango du urte bukaera hontan. Joan den astean Txomin Sagarzazu alkateak aurreneko aldiz publikoki etxe hontan emandako azalpenen ondotik, oposizioko udal talde politiko guztiek bat egin dute, debate publiko baten galdegiteko. Berez, joan den ostiralean BAZen entregatu zuten eskaera ofizialaren arabera, Zaldunbordaz eztabaidatzeko Ez Ohiko Udalbatza eskatu dute abenduan bertan egiteko.

Delako bilkura abenduaren 17an egingo den ala ez, argitu beharko du Udal Gobernuak. Baina joan den asteazkenean alkateak gure mikrofonoetan esandakoaren arabera, ez da debaterik behar, jada, erabakia 2017an Hirigintza Plan Orokorra eztabaidatu zenean aztertu zelako. Eta debate ireki batek ez du alkatearen ustetan deus berririk ekarriko.

Adostasun maila handirik ez dagoela aitortu zuen alkateak ere, baina gehiengoa dutela, eta herritarrek konfiantza egin beharko dietela argudiatu zuen.
Zentzu honetan, bozken %42arekin gehiengo absolutoa dutela oroitarazi nahi izan diote oposizioko taldeek. Eta Zaldunbordako makro-proiektuak debate publiko baten beharra eskatzen duela dio oposizioko talde nagusiak.

Bien bitartean, asteburu hontan bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, errepideen lehen azterketa sakona egin dute. Eta GI-636 Gaintxurizketako errepide nagusiak, Zaldunbordako Shopping Village delakoaren sustatzaileek urtero aurreikusten dituzten 5 milioi autoen joan-etorria xurgatzeko gaitasunik ez duela ondorioztatu dute.

Igor Enparan Abotsanitzeko hautetsia