Emazteen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna gaur ospatzen delarik, emakumeen defentsan azken urteetan egindako lana sendotzera datorren kolektibo feminista berri bat aurkeztu berri dute Hendaian. Hain justu, azaroaren 25aren ataria probestu dute horretarako. Hemendik goiti, permanentzia baten egiteko asmoa dute, laguntza behar duten indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei laguntzeko, baina formakuntza jasoko dute aitzinetik, eta gerora finkatuko dute permanentzia noiz eta zein maiztasunarekin egin. Gainerakoan, egunotan antolatutako sentsibilizaziorako hitzorduetan, hilaren 27 hontan 20:00etarik goiti, "Au nom de..." eta "Workin woman" filmeen proiekzioak eskainiko dituzte Varites zinegelan antolatu duten zine-debate-pintxo gaualdian.
Eta eskualde mailako mugimendu feminista sustatu nahi horretan ere, gaur Irungo eta Hondarribiko eragileekin batera, arratsaldeko 20:00retan Irungo Zabaltza plazatik abiatuko den manifestaldirako deia luzatu dute.