Udal Goberunak iragarritako adostasun maila, ez dirudi hainbestekoa denik. Ogasun Batzordean zuzenketa partzialak aztertu eta Udal Gobernuak aurrekontu proposamenean 200.000 euro inguruko aldaketak onartu dituen arren, garrantzitsuak diren diru-partidak udalbatzan eztabaidatu beharko dituzte berriz ere.
EH Bilduk jakinarazi duenez, orotara 137.500 euroko aldaketa suposatuko luketen 9 zuzenketa aurkeztu ditu, eta udal aurrekontuak kontserbadoreegiak direla leporatu dio Udal Gobernuari. Momentuz, onartua izan ez bada ere, Berdintasun teknikari baten kontratatzeko 60.000 euroko partida da EH Bilduk proposatutako kopuru handienetakoa. Baina Xabier Isasik esplikatu digunez, Udal Gobernuak aurten proposatu duen langilegoen soldaten hobetzeko 800.000 euroez gain, langile kopuruetan eta haien baldintzetan huts nabarmenak daude oraindik.
Abotsanitz udal taldeak, bien bitartean, 2020ko udal aurrekontuen proposamenari begira, Udal Gobernu Jeltzaleak udal langileez ahaztu egin dela salatu du. Aipatutako 100 udal langileen 2019 eta 2020ko soldataren eguneratzeko 800.000 eurorekin, langile taldearen diru-partida %11 emendatzeaz haratago, pertsonalaren behin-behinekotasunari eta langile eskasiari aurregiteko aurreikuspenik egin ez duela diote.
Gaur egun, Hondarribiko Udaleko langilegoaren behin-behinekotasuna %60koa dela nabarmentzen du Abotsanitzek, legeak administrazio guztiak 2020 urte amaitu baino lehen %8tik jaistera behartzen duen arren.
Bestalde, 55 milioi euroko diruzaintza soberakina ukan arren, Hondarribiko Udalak 15 lanpostu hutsik dituela bete gabe salatu du Abotsanitzek. Eta honek, Udalaren eguneroko jardunean eta kudeaketan eragin zuzena duela.
Xabier Isasiren azalpena duzue entzungai