Antxo Handiaren eskulturaren magalean dagoen lurraren deskontaminaazio lanak hasi berri ditu Hondarribiko Udalak.

Antxeta Irratia 2019ko aza. 14a, 00:00

Hondarribiko Higerreko bidean dagoen, Azeri elkartearen San Telmoko tiroketa eremuaren parean, Antxo Handiaren eskulturaren magalean den ezponda urte luzetan zabortegi gisa baliatu izan da. Orain lurren deskontaminaazio lanak hasi berri ditu Hondarribiko Udalak. 

Eusko Jaurlaritzaren Lur Kutsatuen Katalogoan zegoen lur-eremu hau, eta 2013an Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak agindutako ebazpena betetzeko, 152.000 euroko aurrekontua duten lanetarako jaurlaritzak berak dirulaguntza eman dio Udalari. 

Nabarmendu dutenez, ez dago osasunarentzako arriskurik, baina euri urak lurretan sartu eta urteen poderioz hondakinen zikinkeria lurrazpiko sakonean filtratu dezakete. 

Hortaz, lurrak garbitu beharretan ziren.  

Bertan ziren zuhaitzak kendu eta gero, bi garabi ari dira lurra altxa eta kribatzen, ondoren 50 zentimetroko betelanak egingo dituztelarik. 

Aroak lagunduko badu gabonetarako bukatuko dituzte lan horiek. 

Horretan dihardun Sasoi enpresako ordezkariak esplikatu digu zertan ari diren.