Hiriko kirol kluben beharrak asetzeko eta herritarren artean kirola sustatzeko Kirol Plan Integral bat beharrezkoa dela diote jeltzaleek, eta horrexeagatik, 2020ko Udal Aurrekontuetarako kirolari lotutako Proposamen Bateria bat aurkeztuko dute.
Diotenez, joan den urriaren 4ean, 6 milioi euroko kreditu modifikazioa onartu zelarik ere, kirolari buruz 105.000 euro partida baino ez zen onartu, EAJk proposatuta. Txingudi San Martzialgo igerilekua handitzeko eta Plaiaundiko kirol instalazioen lekuz aldatzeko egin beharreko Hirigintza Plan Orokorraren aldaketa ahalbidetzeko.
Dena dela, kirol instalazioen gabezia nabarmena dela diote jeltzaleek. Datuak ere eman dituzte, Iosu Iguiñiz eta Xabier Iridoy zinegotziek.
Kiroldegien gabeziari lotuta, azken hilabeteetan klub zenbaitzuk zailtasunak izan dituzte. Bidasoa-Irunek Europan jokatu behar izateak, partida gehiago jasotzera behartzen baitie Artalekun. Eta kiroldegi munizipala izanik, klub batzuk entrenatzeko ere lekurik gabe geratu direla salatu dute ikasturte hasiera honetan.
Arazo zehatza baino, egoera orokorraren ondorio bat dela diote jeltzaleek.