Zaldunbordako MegaOutlet proiektuaren kontrako aldarria, Eusko Legebiltzarreraino iritsi da

Antxeta Irratia 2019ko urr. 15a, 00:00

EH Bilduren ondotik, Elkarrekin Podemos izan zen atzo, proiektua geldiarazteko eskaera Gasteizen aldarrikatu duena. 

Joan den astean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ eta PSEk proiektua geldiarazteko eskaeratik desbinkulatu ondotik, Gipuzkoako Podemoseko batzarkidea Maria Valiente irundarrarekin batera, Irungo Elkarrekin Podemos-eko Miren Etxebeste zinegotziak hartu zuten hitza atzo, Eusko Jaurlaritzak esku har dezan eskatuz. 

Irungo udal talde politiko guztiak proiektuari aurregiteko ados jartzeko gai izan badira, goragoko erabakiguneetan ere, arduraz joka dezaten galdegin die Miren Etxebestek. Elkarrekin Podemos-eko zinegotzi irundarrak argi utzi du Gasteizen, Zaldunbordako Outlet proiektuaren kontra diren eragileek indarrak biltzen ari dituztela, presio emateko, eta makro-proiektua geldiaraztea lortuko delakoan dago. 

Gutxi batzuen interesen gainetik, herritarren nahia inposatuko dela. 

Iada, Eguzki talde ekologistak salatu zuen joan den ostiralean, hemen Antxeta Irratian, Zaldunborda Gainako eremua babestua egon beharrean, 1993az geroztik mehatxatua egon dela. Erraustegiaren proiektuagatik lehen, eta Outlet Village proiektuagatik orain, baina 1995az geroztik Txingudiko Zerbitzuak-ek zabortegi klandestino gisa ere baliatu izan duelako.