Higertoki enpresak joan den udan egindako 100.000 metro koadroen gaineko zuhaizti eta sastraka zein erreka bazterren txikizioa, eremu honek mende laurdenean zehar izan duen ingurumenaren kontrako eraso biziaren azken urratsa baino ez dela izan salatu dute.
1993az geroztik Txingudiko Zerbitzuak baimendu gabeko zabortegi klandestino gisa baliatu izan duela oroitarazi dute. Eta 1997an Eusko Jaurlartitzak lur horien deskontaminazioa agindu bazuen ere, gaur egun oraindik ere deskontaminatu gabeko lurrak direla salatu dute. Lan horietarako gastua, Higertoki S.L. enpresak hartuko du bere gain, baina Txinzer-ek Hondarribia Lantzen sozietate publikoari lurrak saldu zizkionean, Hondarribiko herriari zegokion ardura.
Edozein kasutan, MegaOutlet proiektuaren mehatxuaren aurrean, agintariei "aldaketa klimatikoarekin ahoa betetzen zaie" garai hauetan, arduratsu joka dezaten eskatu die Eguzkik. Proiektuak ukan dezakeen tokiko merkataritzaren gaineko inpaktuaz haratago, Jaizkibel-Aiako Harria Natura 2000 Sareko eremuen korridore ekologikoaren kontrako eraso bortitza dela diote. Eta makroproiektuak erakarriko dituen 5 milioi bezeroen zirkulazioak, bestalde, CO2 isurketak handituko ditu eskualdean, mugikortasun jasangarri baten ereduaren kontra dagoela nabarmenduz.
Karlos Murua, Eguzki talde ekologistako kidearekin mintzatu gara. Eta orain bogan den Zaldunborda Gainako eremuari buruz, atzerabegirako bat egin digu, zertan gauden ulertzeko.