Berdintasun Legea aplikatzeko beharra nabarmendu dute, eta Hondarribiko alardearen gatazka, ez dela bizikidetza arazoa, berdintasun arazoa baizik. Izaskun Larruskain eta Ana Mari Aristondo kideek parte hartu zuten batzar nagusietako solasaldian. Eta onartu egin dute lortu dutela Kale Nagusian jaiaren hautu parekidearen kontrakoek egiten dituzten keinu itsusiak gutxitzea, eta, ororen gainetik, aldekoak gailentzea. Bide hori sendotze aldera, "elkarrizketa" sustatzen jarraitzea ezinbestekoa dela esan dute, eta instituzioak ondoan behar dituztela horretan. Erakunde publikoen laguntza behar dutela. Baina, oraindik ere, emakumeek baztertuta jarraitzen dutela Hondarribiko festetan.
Aurten "elkarrizketarako" bidean hainbat urrats egin direla onartu dute. Hain justu, diputazioak sustatuta elkarrizketak bideratzeko prozesu bat hasi zen aurrena, desfile ez-parekidearen antolatzaile Alarde Fundazioak mahai baten bueltan esertzeko prest zegoela adierazi zuen gero, eta justu uda partean Jenny Pearce bitartekaria ahalegindu da estreinako bilera batean elkartzen alde guztiak. Ez zen bilera hori egin, azkenean.
Baina urrats horiei segida emateko borondatea agertu du Jaizkibel konpainiak.
Aldiz, elkarrizketa prozesu horretan zenbaitetan informazio falta izan dutela diote, adibidez, Markel Olano diputatu nagusiari deitzen diotela, eta ez dutela erantzunik jasotzen. Hitz politiak bai, momentuz, urrats zenbaitzuk ere, baina asko falta da oraindik.
Izaskun Larruskain kapitain ohhia eta egungo bozeramaleak hartu zuen hitza Batzar Nagusietan.