Joan den urtean Dunboa, Palmera-Montero eta Oxinbiribilgo bidegorria errepide azpiko oinezko 3 tuneletatik lotzen dituen Oxinbirilgo biribilgunearen erdian dagoen plaza, Ekainaren 28 izendatzea erabaki zuen Irungo Udal Osoko Bilkurak.
Eta LGTBY kolektiboari ikusgarritasuna emateko, plazara oinez heltzeko dauden 3 tuneletako hormetan, Martindozenea gaztelekuko 20 bat gaztek Gehitu elkartearen laguntzarekin diseinatutako marrazkiak eta LGTBY kolektiboaren gizarteratzeko mezuak ezarri zituzten.
Rebeca Gonzalez, Gazteria eta Giza Eskubideen arloko zinegotziak esplikatu digunez
"Tunel hauetan eta marrazki horien gainean "Gays No" eta halako mezu homofoboen pintadak agertu dira. Jokamolde hauek onartezinak direla, eta LGTBY kolektiboaren kontrako eraso zuzena deitoratu du Udalak".
Bistan denez, oraindik ere, lan handia egin beharra dago gizarte mailan, LGTBY kolektiboaren eskubideak bermatze aldera. Nolanahi ere, plaza horren izendapena eta joan den urtean tuneletan egindako ekintza urrats bat dela nabarmendu du Gehitu elkarteko Ander Prol-ek.