2012az geroztik antolatzen duten ekimen honen helburu nagusia da, hondarribitarren diruari esker aurrera eramaten diren proiektuen berri ematea, eta herrikide bolondresek osatutako eragileak ezagutara ematea. Heldu den igandean Butroi pasealekuan Behar Bidasoa, Proyde-Proega, Denon Osasunaren Alde, ELAN Euskadi eta Emigrados Sin Fronteras bezalako GKEak, eta ATZEGI (adimen urritasuna duten pertsonen aldeko erakundea), ADAHIGI (arreta gabezia eta hiperaktibitatearen elkartea), ACABE (Anorexia eta Bulimiaren kontrako elkartea), ADEMGI (Esklerosi Anizkoitza) edota AFAGI, Alzheimerdunen senitartekoen elkartea izango dira parte hartuko duten 17 eragileen artean. Gaurkoa, AFAGI elkarteko Maria Jesus Garinekin mintzatu ahal izan gara. Berehala, Ipar-Orratzan entzun ahal izango duguna.
Bestalde, azken urteetan 120.000 euro inguru bideratu izan ditu Hondarribiko Udalak GKE eta Elkarteek atzerrian zein Euskal Herrian bertan egiten dituzten kooperazio eta garapen proiektuak laguntzeko. Joan den urtean, aldiz, laguntzak emateko irizpideak aldatu zituztela medio, 2018ko laguntza deialdia azaroan egin zuten, eta GKE guztien artean hiruk baino ez zituzten laguntzak jaso ahal izan. 90.000 euro banatu gabe geratu zirenez, Udala tramitazio arazoak konpontzen ahalegintzen ari dela nabarmendu du Gotzone Larrartek, eta 2019ko laguntzen deialdia urrian zabaltzea espero dute. Era berean, joan den urteko egoera berbideratu nahian, banatu gabeko 90.000 euro horiek aurtengo 120.000 euroko partidari gehituko zaizkio.