Harrera Sareak larunbata hontan Oreretan ospatuko den Atlantikaldian parte hartuko du

Antxeta Irratia 2019ko ira. 20a, 00:00

Atzo 20 bat migranteri harrera egin zien Harrera Sareak. Haien artean jaioberriak, eta Afrikatik iritsitako migranteak izanik ere, Marokotik Europara sartzeko bidea egiten duten Bangladeseheko migranteak ere heltzen ari dira Irunera egunotan. Harrera Saretik oroitarazi dute, ez direla duela urtebeteko kopuru beretan etortzen, baina migranteen pasaldia muga zeharkatu nahian etengabea dela. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiak abuztuan oihartzun handiz aurkeztu zuen 100 oheko dispositibo berriari buruz, inork ez dakiela deus ere. Egungo Martindozenea aterpetxeko 60 oheak ordezkatzera omen zetorren, Arretxe-Gainan aurkitzen den Opel zeneko pabilioian egokitutako 100 oheko dispositiboa. Baina gunearen baldintzak zeintzuk diren jakin gabe oraindik, Martindozeneara bideratzen dituzte migranteak Harrera Sareko bolondresek. Bien bitartean, eta Europako atakan, eta Mediterraneo Itsasoan milaka eta milaka migrantek bizi duten egoera larriaz sentsibilizatu nahian, Harrera Sareak larunbata hontan Oreretan ospatuko den Atlantikaldian parte hartuko du. Migranteek itsasoetan bizi dutena irudikatuko dute performance bitxi batekin.