Irungo Udalak azken urteetan mugikortasun jasangarriaren alde egindako apostuaren irudiko izango da, aste honetan Mugikortasun Jasangarriaren Astearen baitan antolatutako programazioa. Azken urteetan bidegorri sarea osatuz, hirigunea 30 kilometro orduko eremu bilakatuz, edota urtero 1,5 milioi bidaiari garraiatzen dituen L1 Zaisa-Ospitale autobus linea, ibilgailu elektrikoengatik ordezkatuz, urratsak ematen joan dira.
Halere, herritarren ohiturak aldatu behar direlakoan dago Borja Olazabal, Ingurumen eta Mugikortasunerako zinegotzia. Eta horregatik, bizikletan segurtasunez ibiltzen ikasteko ikastaroak, adinekoen oinezko desplazamenduak sustatzeko Ttipi-Ttapa saioak edota Mugi Txartela eskuratzeko informazio puntuak ezarriko dituzte egunotan.
Bestalde, Igande Sasoi ekimenaren ikasturte honetako aurreneko hitzordua proposatuko dute Zabaltza plaza eta Colon ibilbide inguruetan. Eta lekuan berean, Txingudiko Zerbitzuak-ek antolatutako Merka2dasoa bigarren eskuko azoka berezia izango da igandean, espreski bizikletak, patinak eta mugikortasun jasangarriari lotutako produktuak saldu eta erosteko aukera emanez.
Asteburu borobiltzeko, Ederbidea proiektuaren baitan bizikleta martxa bat egingo da igandean 10:00etan Beratik Behobiara, eta bertan mugazgaindiko bizikletaren besta ospatuko da, tailer eta bizikleta eskola ezberdinekin.
Borja Olazabal, Ingurumen eta Mugikortasunerako zinegotzia