Jaietan ere ingurumenaren aldeko jarrera nagusitu dadin neurriak hartu ditu Hondarribiako udalak eta TX Zerbitzuak

Antxeta Irratia 2019ko ira. 4a, 00:00

Urtero bezala, Txingudiko Zerbitzuak eta Hondarribiko Udalak, jaietako garbiketa zerbitzu berezia aurkeztu dute, jendartea sentsibilizatu, eta herria jaietan ere, ahalik eta garbien eta jasangarrien mantentzeko xedez. Jakitera eman dutenez, jaietan kaleko garbiketa zerbitzuak 30 pertsona izatera heldu daiteke egun handienetan. Eta Hondarribia garbitzeak, normalean egunean 2.500 euroko kostua duen bitartean, jaietan 1.500 euro inguru gehiago, aurrekontua %58 emendatuz. Hala, herritarrek hondakinak bereizteko gune bereziak topatuko dituzte San Pedro kalean, 6 kontainer gunerekin, bi bina Butroi pasealekuan, Arma Plazan, Kasino Zaharrean eta barraka-gunean, eta beste bat harresietan. Ez dago aitzakiarik beraz, hondakina lurrera botatzeko. Halere, aurtengoan bigarrenez, garbiketa brigadak kaleko zaborra bildu baino lehe plastikoa eta beira banatuko ditu. Joan den urtean 1.540 kilo jaso zituzten horrela. Bentako txosna-gunean, aldiz, 20.736 edalontzi berrerabilgarri banatuko dituzte, plastikozko ontzien kopurua apaltzeko neurri egokia dela frogatu baita.