Goizeko 11:30etan sukaldatzen hasi, eta 15:00ak arte arroza mota ezberdinak dastatu ahalko dira San Juan plazan. Izan ere, 20 bat herrialdeetako irundarrek, euren jatorrizko herrialdeetako arroza sukaldatuko dute, eta dastatzera eman.
Ekimen honen helburu nagusia da, bertako zein kanpoko jatorria duten bizilagunen arteko elkar-ezagutza sustatzea, estereotipoak apurtuz. Horretarako, arroza baliatu nahi izan dute, arroza oinarrizko elikagaia delako mundu osoan zehar, baina mila modu ezberdinetan sukaldatzen ahal da, pertsonekin bezala, oinarrian denak berdinak izanik ere, jatorri, kultura eta ohituren arabera aberastasuna ekartzen duten ezberdintasunak ematen direlako.
Irungo hiria da horren irudiko. 65.000 biztanle inguru dituelarik, gaur egun herritarren %13a atzerriko jatorria baitu. Eta orotara, 100 nazionalitate ezberdinetako pertsonak elgarbizi dira Irunen, horrek suposatzen duen hizkuntza, kultura eta ohitura aniztasun eta aberastasunarekin.