Udako bisitarien artean arrakasta handia duten jarduerak izanik ere, bidasotarrek ere gozatu eta eskualdea beste molde batez ezagutzeko aukera eskaintzen duen aisialdi eskaintza da. Hondarribiko Udaleko Turismo ordezkaria, Maria Serranok esplikatu digunez, azken urteetan halako itsas edo ur-kirolen jarduerak eskaintzen dituzten elkarte eta enpresen loraldi bat eman dela Hondarribian. Izan ere, 14 dira gaur egun sektorea osatzen dutenak. Eskaintza zabala da, esan bezala. Badira klasikoak, surfa egiteko aukera ematen duten Surf Teknika Eskola, Central Surf edo HS2 Surf Center, stand-up paddle ere eskaintzen duena Hondarribiko hondartzan. Hondarribia Arraun Elkartea arraunketan, Navegavela itsas-belauntzi handietan ateraldiak egiteko aukera ematen duena, edota Hondarribiko Nautikoa edo Itsaskari Baitak eskaini ohi dituenak. Baina ohiko jarduerekin batera, eskaintza berriak ere sortu dituzte eragileak sektorea osatzera datoz. Hondartza parean egiten diren banana boat bezalako jarduerak eskaintzen dituen Water Joy Hondarribia, PescaHondarribia.com, arrantza ateraldiak eta atunen markaje kirol-arrantza proposatzen dituena dira, sortu berri diren eskaintzen artean. Aurtengo nobedadeetako bat aldiz, Hondarribiko hondartzan ikusmina sortu duen egurrezko etxolan topatuko duzute. Kayak-ean eskaintza anitza eskaintzen duen Kayak Basque Country izenekoa.