Irungo Udalaren egituraketa berria nolakoa izango den, hauteskunde ondoko negoziazio politikoen esperoan den bitartean, momentuz, ofizialki hauteskunde gauean eta ondoko egunean ordezkari politiko batzuk eta besteek esandakoa baino ez dakigu. Elkarrekin Podemos jeltzaleekin zein Santanorekin hitzegiteko prest dago, baina aldaketaren alde agertu da. Eta EH Bilduren kasuan ere, aldaketaren alde ahalegin guztiak egiteko prestutasuna agertu zuen astelehenean gure seinalean, atzo ohar baten bidez berretsi egin zuena. Nolanahi ere, marra gorri batzuk markatuko dizkio EAJ alderdiari edozein negoziaketa dela medio. Arlo sozialean eta berdintasun gaietan bereziki. Gaur, aldiz, Xabier Iridoyrekin bildu gera, behin hauteskunde gaueko beroaldia hoztu dela, Irungo EAJ alderdiaren asmoak zeintzuk diren argitzeko. Eta ozenago esan dezake, baina ez argiago. Ekainaren 15eko udalbatzan, bere burua alkate izateko aurkeztuko du. Alderdi sozialistaren lau hamarkadako gobernua agortutzat jotzen duelako, eta azken urtebetean hiriak bizi izan duen blokeo instituzionala ez ezik, kudeaketaren partetik ere, desblokeatzeko ezberdinen arteko akordioetara heltzeko garaia iritsi delakoan baitago.